AURKIBIDEA

1. Hitzaurrea >>

2. Aurkezpena >>

3. Manifestua >>

4. Harriak eta Herriak >>

5. EPPKren agurra >>

6. Oinarrizko txostena >>

7. Ponentziak >>

8. Mintegietako ondorioak >>

9. Donostiako ebazpena >>

10. Erresoluzioak >>

11. Agurra >>





>> HITZAURREA


Ez da politika kontua, ez da lege kontua, ezta historia kontua ere. Oinarrizko gauzetaz ari gara hitz egiten. Haur handi batek beste haur bati zerbait indarrez lapurtzen dionean, ez du inork politikari baten laguntza eskatzen gatazka konponduko duelakoan. Bada lege bat, gorbata eta traje txit dotoredun gizonen legearen gainetik dagoena. Lege hori dolarretan pentsatzen ez dugun guztion legea da.


Lapur talde batek Estatuaren egiturak aberasteko erabiltzen dituenean, ez dio beste estatu bati eraso egiten, herriari baino. Ez da gauza bera. Estatua kasta bat da, elite bat. Herria, ordea, gu guztiok gara.


Herria antolatu eta defendatzen denean, estatuak izutu egiten dira, gutxiago direlako eta arrazoi gutxiago dituztelako. Arrazoia pitzadura handi bat delako, eta pitzadura horrek egia iraintzen saiatzen den oro irensten duelako. Estatua beldurtzen denean, ostera, munduko lege guztiak sutara botatzen ditu, amesgaizto batetik ihes egiten duenak bezala. Sute handi horretatik hutsa baino ez da geratzen, eta Estatuek hauts hori herritarren begietara jaurtitzen dute, egindako krimenen aurrean itsu izan daitezen. Estatu bat beldurtzen denean, heriotzaren musika entzuten da toki orotan.


Baina munduko hauts guztia ez da nahikoa izango. Ezgauza izango da Sincan F-ko Kurduen indarrarekin amaitzeko, edota Algeciras ala La Sante-ko presoenarekin, Jeriko-ko espetxeko palestinarrenarekin, edo Ashkeron eta Ishil-eko presoenarekin. Ez du Abu Gharibeko presoen duintasunarekin amaitzerik izango, ez eta lekutan dagoen Guantanamoko afganistango presoenarekin ere. Ondo gogoan dugu Cipinango kartzelan timordarrek erakutsi zuten grina, edo Roben Islanden hegoafrikarrek erakutsi zutena. Ondo gogoan ditugu duintasun adibide horiek. Irlandarrena, kasu, Long Kesheko H pabilioi likitsetan. Garaipen horiek erretako liburuen hautsa eramango duen haizea dira guretzako.


Soilik egun horretan lortuko dugu Estatuak diren haur harroputz eta handiki horren sutautsa bustitzea, kartzelak pitzaduraz betetzea, eta buroetan pilatzen duten miseria guztia usteltzea.


Lehen pausoa, horratik, inoiz beraien etxeak utzi behar ez zituztenak antzezle politiko bilakatzea da, hots, preso politikoak politikaren oholtzara ekartzea. Ez dugu inoren lekua betetzea nahi, beste tirania modu baten erakusgarri izatea. Zera nahi dugu, noizbait kartoizko arima eta gorbatadun gizonak onartu beharko duten mahaian beste mintzakide bat izatea. Alegia, herri xehearen izateko eta edukitzeko askatasuna bermatuko duen mahaian antzezle bat gehiago izatea. Hori besterik ez.


Egun horretan, munduan bakea izango da.



-------------------------------------------

>> AURKEZPENA


Euskal Herriko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak 2004ko maiatzean antolatu zuen Preso politikoekiko Nazioarteko Elkartasunezko Konferentzia.


Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, ilusio handiz prestatu zuen ekimen hura, eta lan oparo horren emaitza, Nazioarteko Elkartasunezko Konferentzia haren gauzatzea da eskuratu duzun liburu hau.


Egun haietan zehar, askotarikoak izan ziren mintegi ezberdinen bidez, pasillo lanetan edota bestelako aukeratan, jaso ziren testigantza eta egoerak, baita sortutako aliantzak ere.


Baina horietaz mintzatu aitzin, ekimen hura bideragarri izatea lortu zuten boluntarioen lana txalotu beharko genuke: seguritate nahiz itzulpen lanetan, bazkariak prestatzen, nahiz beste arduretan, hamarna eta hamarna boluntarioen lan izugarriak lortu zuen Nazioarteko Elkartasunezko Konferentziaren gauzatzea; mila esker eta besarkada handi bat lagun hauei guztiei.


Lagun hauek bideragarri egin zuten Konferentzian, askotarikoak izan ziren jorratu genituen gaiak zein harremanak, betiere nabarmentzekoa izan zen kidetasun txalogarrian. Entzuteko parada hartu, besteen bizitza eta ikuspuntuak aztertu eta gureak mahai gainean jarriaz, eztabaida interesgarriak eman zren. Gai asko, eztabaida biziak baina partaideak batu zituen elkartasunezko soka, espetxe barrurartekoa izan zen.


Espetxe barruko lagunak gurekin egon ziren, presente egon ziren, hainbaten ordezkari bitartez, espetxe barruko gutunak medio edota lortu genuen bezala, espetxetik zuzenean beraien mezu telefonikoa helaraziz. Presoekin batera egin genuen Nazioarteko Elkartasun Konferentzia, eta horrek ere biziki pozten gaitu.


Konferentziaren hasieran, preso eta iheslari politikoen aldeko elkartasun esparruak bideratu behar genituela esan genuen, eta hori zela Nazioarteko Elkartasunezko Konferentziaren helburuetako bat. Eragile politikoak direla genion eta eragiletza eta jite horren alde egin zuen Konferentziak.


Aurrera begirako lan tresnak ere sortuak izan ziran, etorkizun hurbilean tresna eraginkorrak izate aldera, preso politikoen existentzia, beraien eragintza eta agente politiko horrek behar duen ezagutza azpimarratzeko.


Lan handia egin genuen lau egun haietan, baina ez gaitezen engaina, jakin badakigu lan handia egiten dugula eta egin beharko dugula aurrerantzean ere; are handiagoa, jarri genituen helburuak eta asmoak betetzeko konpromisoa kontuan hartuta.



Hemen jasotzen diren eztabaidak, harremanak, ondorio politikoak, konplizitateak… aurrerabidea erakusten digutelakoan argitaratzen dugu liburu hau. Ekin diezaiogun ba bideari! Borrokak elkartzen gaitu!



-------------------------------------------

>> MANIFESTUA


Preso politikoen jatorri eta izaera politikoa da. Aitortza hau ezinbestekoa da beraiek ondorio diren gatazken gainditze bideari ekitekotan; amnistia osoa gatazken konponketaren atal garrantzitsua izango den bezala. Hau da, gatazken jatorrian diren eskubide eta errealitate ukatuak errespetatuz, borroka egiteko arrazoiak gaindituz, preso politikoen egoerak ere bideratuko dira askatasunerantz.


Preso politikoak badira eskubide politiko, zibil eta kolektiboen jabe, nahiz eta preso egon. Batez ere beren prozesu politikoetan parte hartzeko eskubide kolektiboaren jabe. Preso politikoen parte-hartzeak gatazken gainditze bidean nabarmen lagunduko duelakoan.


Preso politikoak badira ere gainerako giza eskubideen jabe, eta kartzelan egon bitartean bizibaldintza duinak izan behar dituzte, eskubideen urraketak eta tratu txar oro ekidituz.


Preso politikoen jatorri eta izaera politikoa aldarrikatzeko eta beren eskubide guztiak bermatzeko ezinbestekoa da nazioarteko elkartasuna, beraiek ondorio diren gatazkak gainditzeko ere ezinbestekoa den bezala.



-------------------------------------------

>> HARRIAK ETA HERRIAK


Munduan bada bazter bat (ez genuen guk

sortu orduko hautatu)

gure herria erizten duguna. Eta mundu guzia da gurea

gure herria geurea bada.

Baina guk harri bustiak sartu genituen

gure boltsiko zulatuetara.


Egin genuena ez zen beti izan

egin behar genuena,

hildakoak eta distantziak ugalduz

joan ziren,

eta gure herriaren sei mila halakoa den

mundua mugarriz pikatuta dago.


Mugetan, Henri Rousseau aduaneroak nondarrak garen

eta noruntz goazen galdetuez gero

gure harri bustiak erakusten dizkiogu,

ezen eta harriak ditugu:

Harri hau, uharri hau ikusten duzu,

halakoa zen gure etxea...”.


Inongo lur nehurtzaileak, ez den herrialdearen

kartografoak gara.

Egunak atzoz bete zaizkigu, geure oinen bila

gabiltza.

Gogoratzen duzu, galdu genuen aintzinako

sorterri hura?


Harriak ditugu baina ez dugu herririk.

Harriak ditugu

boltsiko zulatuetan, baina ez dugu inon eraikiko

betirako etxerik.

Harriak ederragoak al dira

harresian?



-------------------------------------------

>> CONFERENCIA INTERNACIONAL DE SOLIDARIDAD CON LAS PRESAS Y PRESOS POLÍTICOS VASCOS


Entrañables compañeros y amigos:

A nombre de todos los que integramos ¡EUREKA! les envio un saludo lleno de jubilo que la celebración de esta conferencia nos despierta.Porque lo sabemos podemos asegurar,que actos como este,nos acercan indefectiblemente a la meta anhelada:

¡LA LIBERTAD!


Fraternalmente,

Rosario Ibarra


Abril del 2004,México DF.


A los desaparecidos,


¡VIVOS LOS LLEVARON!

¡VIVOS LOS QUEREMOS!



-------------------------------------------

EUSKAL PRESO POLITIKOEN KOLEKTIBOA


Nazioarteko Elkartasun Konferentziako gonbidatuei



Gure agurrik beroena helerazten dizuegu Donostiara, Euskal Herrira, hurbildu zareten guztiei. Lehenik eta behin, ongi etorriak!!


Euskal Herriko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak antolatu du Nazioarteko Elkartasun Konferentzia. Ekimen honen bitartez bai guri, bai mundu zabalean diren preso politikoei, aukera ematen diguzue gure ahotsak entzun daitezen. Halaber, preso politikoon sostenguan lan egiten duen ororena entzuteko aukera.


Justizia eta demokraziaren alde borrokatzeagatik izaten gara espetxeratuak. Zapalkuntza politiko eta sozialaren kontra matxinatzen garelako expetxeratzen gaituzte. Ez gara beste planetakoak. Gure herri eta gizarteen askatasun egarriari erabakiortasunez erantzuten diogunak baizik. Herritarrak gara. Herriarenak. Eta herri mugimendutik hartzen dugu indar aurrera egiteko. Gurea herriaren bizi-borroka da eta.


Miramar Jauregira bildu zaretenak oro har preso politikoen alde jarduten duzue. Sarri preso politiko ohiak ere bazarete. Herrialde zein errealitate anitzetako presoekiko elkartasuna lantzen duzue. Areago, Nazioarteko Elkartasun Konferentzia honetan parte hartuz, preso politikoen beraien arteko elkartasunari ere bide berri eta zabal bat irekitzen diozuela ez dugu zalantzarik. Gure esker ona helerazten dizuegu, beraz, eta era berean animatzen zaituztegu presoen aldeko lan amankomunean jo eta ke segi dezazuen. Ezibestekoa baitzaigu elkartasuna egituratzea, geureari eutsiko badiogu.


Euskal Herrian abegi on eta jardunaldi oparoak izan ditzazuen espero dugu, desiratzen dugu, eta zeuen herrialdetara itzulitakoan zabal ezazue gure errealitatearen berri. Batez ere, zuek sostengatzen dituzuen preso politiko guztiei helerazi euskal preso politikoen besarkadarik beroen, iraultzaileen eta anaikorrena.


GORA PRESO POLITIKOAK MUNDUAN!!

AMNISTIA ETA ASKATASUNA!!



Euskal Herrian, 2004ko maiatzaren 20an



-------------------------------------------

LEONARD PELTIER


Goraintziak, preso-kide eta lagunok,


Berba hauek Leavengo Goren Mailako Segurtasuneko Espetxetik igortzen dizkizuet, Leavenworth, Kansas, AEBetan.


28 urte daramatzat hemen. 28 urte justiziaren alde, eta horrek askatasuna ekar diezadan alde. Denbora horretan zehar, nire herriaren zioa indartzen saiatu naiz ere bai.


Ziur naiz euskaldunok pairatzen duzuen espetxeratzea, nire herriak sofritzen dituen gaitz berberengandik datorrela; beraien burua aberasteko asmo bakarrarekin, bizitzak eta baliabideak kontrolatzea bilatzen duten zekenek sortutako gaitzak.


Guk, preso politikook, gure herrion borroken adibide bilakatzen gara, gure zapaltzaileek, gure herrien erresistentziak bereari uko egin diezaion, gu adibide gisa erabiltzen saiatzen diren heinean. Jakin ezazue zuekin eta zuen herriarekin bat egiten dudala. Ez naiz nire bizitzaz lotsatzen; gehiago ezin egin izanaren pena dut.


Askatasunarengan sinestea, zuen herria maitatzea, babesgabeak babestea, egia eta justizia irakasten dituen kultura bat eratzen saiatzea eta beraiena ez dena eskuratzen besterik saiatzen ez diren zapaltzaileei EZ esatea krimena bada; hala izan dadila. Borroka horren kide izateaz harro nago. Ondradu sentitzen naiz zuok,justiziaren bilaketa honetan ene anai-arreba izpiritualak zaretenok, borroka horren partehartzaile gisa ikusten nauzuelako.


Gwarth-ee-los, zuetako bat


Zaldi Eroaren izpirituan,


Leonard Peltier



-------------------------------------------

SALUDO EXDESAPARECIDO MEXICANO PARA CONFERENCIA PRESOS


Un saludo a la conferencia internacional a favor de las presas y presos políticos a celebrar en el palacio de Miramar.Donosita.Euskal Herria.


Con un fuerte abrazo a todas y todos los que en algun lugar padecen la tortura y siguen en los sotanos de la injusticia en carceles clandestinas.


El muro de silencio e impunidad levantado para esconder los crímenes con toda la fuerza de su poder por los gobiernos autoritarios, incólume durante decadas, se va resquebrajando poco a poco,pero sería ingenuo pensar que una denuncia,un proceso judicial,o la decisión del tribunal ha sido la causa.El muro se viene abajo porque miles o millones de personas anónimas lo han estado golpeando sin desmayo dia a dia,año tras año,contra viento y marea y van a seguir haciendolo,su teson ha hecho un milagro de solidaridad y de justicia.


A ellas,el agradecimiento porque con su ejemplo dignifican la condición humana y hacen más respirable el aire que compartimos.



Mario Alvaro Cartagena Lopez


el guaymas”


Exdesaparecido

Preso político desde 1974-1976

Preso político desde 1978-1982



-------------------------------------------

>> PRESO POLITIKOAK XXI MENDEAN

Nazioarteko elkartasunezko konferentzia

MIRAMAR JAUREGIA

DONOSTIA – EUSKAL HERRIA

2004ko maiatzaren 20tik 23ra

Joan den otsailaren 28an iragarri genuenaren ildotik, “PRESO POLITIKOEN ALDEKO NAZIOARTEKO KONFERENTZIA”, gaur egun zertan datzan azaltzen duen dokumentua da honako hau.


Azken hilabetean konferentzian aztertuko diren gai nagusiak zehaztu ditugu, beraz, konferentziaren helburu nagusiak hauek izango dira:


1.- Gure gizartean gatazkaren inguruan herdoildu samarturik dauden kontzeptuei bizi berria eman.


2.- Preso politikoen egoeraz gizartea ohartarazi eta haien aldeko elkartasuna sendotzeko bideak eraiki


3.- Euskal preso politikoen egoera eta izaera nazioarteko testuinguru politikoan behar bezala kokatu.


4.- Beste herrietako gatazka politikoak eta horiek sortzen dituzten ondorioak gurera ekarri Euskal Herrian ezagutzera emateko.


Preso Politikoen Aldeko Nazioarteko Konferentzia, honako mamiaren inguruan jorratuko da:


Euskal gizartean sekula baino ageriago dago Euskal Herritarrok gatazka politiko batean bizi garela. Gatazka horren sortzaile diren faktoreak behar bézala aztertzea ezinbestekoa da. edozein konponbidetatik abiatu nahi badu herri honek.


Guk, euskal preso politikoak izan garen heinean, badakigu euskal preso politikoen kolektiboak gatazka hori era berezi batean pairatzen duela. Estatu espainolak zein frantsesak Kolektiboa gatibu daukate modu ankerrean, presoen eskubideak urratuz eta elkartasun bideak eragotziz.


Gatibu egoera horrek, irakurketa bat dauka: herri honek erresistentziarako erakusten duen gaitasuna, deusestatzeko asmoa dago hor, gure herri hau asimilatzeko asmoa, alegia. Gure ustez, hortxe datza, gatazka aztertzeko orduan, nabarmendu beharreko lehen giltzarria: Estatu espainolak zein frantsesak, bakoitzak bere erara, Euskal Herria asimilatu nahi dute, Euskal Herria nazio gisa ukatzen digute.


Estatu zapaltzaile horiek, errealitatea aldatu nahi izaten dute. Horretarako, oroimen historikoa errealitatetik at kokatzen dute. Zertarako? Beraiek gatazkaren sortzaileak direla ezkutatu, eta gatazka pairatzen dutenak beraiek direla sinestarazteko.


Baina hemen gauza bat argi utzi nahi dugu, gatazka guztietan, halabeharrez, gutxienez ere, bi alde daude; batetik gatazkaren sortzailea, hau da, eskubideen ukatzailea; eta bestetik gatazka pairatzen duena, alegia, dagozkion eskubide eta nortasunaren errespetua izateko aldarrikatzen duena.


Gatibutza hori urteetan pairatu behar izan du herri honek. Euskal Preso politikoen Kolektiboa da egoera horren ondorio mingarriena. Eraso eta mendeku politiko estratégikoa zuritzeko haiek eskubideen bermatzailetzat agertzen zaizkigu, gatazkaren jatorria guztiz aldatzen digute, hau da, Estatuak demokratak direla eta herri zanpatuaren eskubideen alde borrokatzen duena terrorista hutsa besterik ez dela sinestarazi nahi digute.


Iraganean eta gaur egun euskal preso politikoen kolektiboa larrutik ordaintzen ari da Euskal Herriaren eskubideen alde borrokatzeagatik. Eta gatazka honetan, oraindik ere, ahalegin hori, ukatu egiten zaio preso politikoari.


Hainbeste nahastu dizkigute kontzeptuak, non gaur egun, demokrazia formalen ahalegina izaten da, demokrazia kontzeptua giza eskubideen sinonimotzat hartzea. Ez da besterik egiten, GIZA ESKUBIDEAK ERRESPETATZEKO AHALEGINA BAZTERTU, ETA GIZA ESKUBIDEEN deklarazioak, formalki berresteari ematen zaio lehentasuna.


Gurean Herri zein norbanakoen eskubideen urratzaile handienak estatu espainola eta frantsesa dira, bere estrategia zapaltzailea legitimatu nahi dute eta indarrean ezartzean diguten marko jurídiko politikoari aitzi egiten dion orok errepresioa jasoko du, borrokalaria terrostitzat joko da, eta errepresiorik ankerrena ezarriko zaio bere eskubideak urratuz.


Preso politikoei elkartasuna adierazteko bideak aztertu eta jorratu nahi ditugu. Horretarako nazioarte mailan preso politikoek bizi duten egoera ezagutu nahi dugu, haiek jasaten duten errepresioa ezagutu, haien bozeramaleekin esperientziak trukatu nahi ditugu, aurrera egiteko elkartasunerako lantresnak aztertu nahi ditugu Konferentzia honetan.


Estatuek ez dute onartzen preso politikorik dutenik, baina egunero ikusi eta nozitzen dugu, kolektiboari ematen zaion tratamendu bereziaren oinarrian, euskal preso politikoen ezagutza inplizitua dagoela. Gure ustez, gizarteak preso politikoaren ezagutza esplizitua aldarrikatu behar du, hau da, preso politikoaren errekonozimendua, gatazka politikoaren ondorioa delako.


Gizarteak ez du ahaztu behar euskal preso politikoak gatazka honetan sujetu aktiboak direla, hori ukaezina da, eta edozein pertsona eta herritarrek duen antolatzeko eskubidearen harira antolatzeko eskubidea du. Preso politikoa gatazkaren ondorio denez gizartean dauden prozesu politiko eta sozialetan parte hartzea dagokio. Bere egoera eta errealitatea gatazkaren parametroetan oinarritzen denez, gatazkaren konponbidean baztertu ezin den eragile politikoa izan behar du Euskal preso politikoen KOLEKTIBOAK.


Amnistia osoa aldarrikapena kalean bizirik egotea nahi dugu. Hala ere, esan nahi dugu, Amnistia ez dugula planteatu nahi, preso politikoen etxeratze huts moduan, baizik eta preso politikoen izatea probokatzen duten arrazoi politikoen gainditzea bezala.


Eta azkenik,


Gure ustez gatazka behar bezala definitu eta gizarteratzerakoan funtsezkoa da elkartasuna ikuspegi politiko batetik landuta indartzea. Lan esparru honetan hedabideen lana zein eraginkorra den ikusita, ezinbestekoa deritzogu komunikabideei zera eskatzea:



1.- Sistemak ezarritako bertsio ofizilaren aurrean kritikoa izatea.


2.- Gatazkaren jatorriak eta ondorioak diren bezala azaltzea, herritarrengan sortuko duten iritzia zentzuduna izan dadin.



Konferentziaren antolaketa honen inguruan hurrengo asteetan berri gehiago eta zehatzagoa emango dizuegu.



-------------------------------------------

>> GATAZKA ETA ESKUBIDEAK


Euskal Herriak bizi duen gatazkak nazioarteko dimentsioa dauka. Herri batek duen autodeterminazio eskubidea baitago bere muinean”. (E.T.A, 2004ko martxoaren 12an).


ETA erakundearen azkenaurreko agiritik hartutako pasarte honen bitartez gatazken inguruko gogoeta garrantzitsu bat nabarmendu nahi dut: berauen sortze, garatze eta bideratze zikloan elemento bat baino gehiago dago elkarlotuta. Soilik prozesu historikoen argitan uler daiteke gatazka, dudarik ez dago. Horregatik, hain zuzen, sistemak “bere” historia ikastarazten digu, indarrean dagoen ordena politiko eta soziala legitimatzeko, eta gatazka, elite boteretsuen erreakzioak historikoki zanpatutako eskubide kolektiboen eta herrien askatasun-grinaren babes-emaitza gisa agertu beharrean, kolektibo batzuengan sortzen den “patologia”, akabatu behar den birus moduan agertzeko.


Historia, berez, gertaerez beterik dago, eta edozer jazoerak ez du gatazkaren nondik norakoa argitzen. Oinarri politikoa, soziala eta kulturala duten gertaerak edo gertaera-multzoak daude, finean, gatazken iturburuan; hau da, interes elitistek aldaketa estrukturalak, koalitatiboak, bortxaz ezartzean eta kolektibo menderatuek zanpatutako autodeterminazioa, idiosinkrasia, balioak eta eskubideak berreskuratzeari ekitean datza gatazken hazitegia.


Bidenabar, ukaezina da ere gertaerek, bere gordinean, ez dutela, berez, gatazka eragiten. Giza eta gizarte mailako faktoreek, eta baita hainbat eragile historikok, klasistak, internazionalek, interinperialistak eta subjektibok ere, ahalbidetzen dituzte gatazkeen existentzia eta ezaugarriak, gisa orotako ukazioei erresistentzia kontrajarriz, historiaren subjektu izateko modu bakar gisa. Asimilazioaren kontrako deliberamendu librea eta matxinada daude, jakina, gatazken muinean.


Horren ezean, asimilazio prozesua azken bururaino eramango litzateke eragozpenik gabe, urraturiko eskubideen tamaina edozein izanik ere. Eta esan behar da, kapitalismoaren egungo fasean, non eskubide oinarrizkoenak etengabe hausten ari diren, zanpatuen “onespena” lortzeko erabiltzen ari diren alienaziorako mekanismoak faxistizaziorako bidea urratzen ari direla ziztu bizian, urraketa guztiak eta horien irakurketa ikusezin bihurtuta. Mekanismo ugari dago estrategia horren zerbitzari: “adostasunezko kazetaritza (periodismo de consenso)” eta “biktima” batzuen erabilera, infantilismoa, indibidualismoa eta solidaritateen haustura, balioiei uko egin eta historikoki lortutako lorpenei amore ematea, politika eta gizartearen arteko eszisioa eta benetako borroka politikoaren satanizazioa, beldurra eta honen ondorioak diren despolitizazioa/deshistorizatzea eta segurtasunaren eta zero tolerantziaren doktrina, Estatu-terrorismoaren eta gerraren banalizazioa.


Dena dela, gertaeren nolakotasuna eta erresistentziarekiko giza/gizarte jarrera bezain funtsezkoa da eskubideen faktorea. Sasoian sasoiko sistema menderatzaileek defenditzen dituzten interesen inposaketak oinarrizko eskubideak urratzen ditu. Beti eta salbuespenik gabe erasotzen dituzte prozesu historikoen atzera-aurrera horretan gizataldeek, komunitateek, klaseek edo dena delako subjektu kolektibo zein indibidualek lorturiko eskubideak. Hortaz, eskubideak gatazken muinean daudela azpimarratzea ekidinezinezko gogoeta da.


Azken finean, eskubide guztiak hor egon dira, daude eta egongo dira Deklarazio ponpoxo batean agertu ala ez, sistemak ikusezinezko bilakatu ala ez. Garbi utzi behar da zentzu horretan gaur egungo deklarazioetan agertzen diren eskubide guztiak BORROKA latzen lorpenak direla: Autodeterminazio eskubidetik hasita, bozkatzeko eskubidera arte, emakumezkoen eskubideak, lurra, kultura, hizkuntza, aniztasuna, ekologikoak eta beste asko tartean direlarik. Izan ere, eskubideak ez dira kontzeptu huts bat; borroka historikoen erdiespena dira, borrokan eraikitzen dira eta borrokak ematen dizkie izena eta izana, zanpatzailearekiko ordura arteko identifikazioa hausteko balio duten neurrian.


Eskubideen “onarpen formala” (deklarazioetan eta abar) indar korrelazioaren araberako lorpenak dira, beraz, eskubideen “onarpen formala” amaigabea den prozesu batean kokatu beharra dago. Eskubide bati zilegitasuna ematen diona ez da deklarazio batean agertzea, baizik eta Herriaren, klasearen edo dena delako gizataldearen NAHIA IZATEA, betiere justizia, askatasuna eta demokraziaren bidean kokaturikoa, jakina.

Azterketa historikoa izan zitekeen bide egokiena halako ondorioak ateratzeko. Izan ere, historia irakurrita ikus dezakegu formalki existitzen diren eskubideak ere (autodeterminazioarena, kasu) botereak nahi erara onartu edo ukatu egingo dituela, eta soilik gorpuztu ahal izango direla dagokion kolektiboak bere jardutearen bidez “haragiztatzen” dituenean.


Beraz, akzioa baldin bada sistema zapaltzaileek, gero eta estrategia oldalkorragoaz, zapalduen asimilazioa bilatze aldera egindakoa, erreakzioa da asimilazioaren aukerari branka jartzen diotenen jarrera, proiektu kolektiboa, autoestimua, duintasuna eta kapital sinboliko iraultzailea berreskuratuta. Talka horretan gauzatzen da gatazka, noski, baina lehian dagoena ez da abstrakzio hutsa. Sistemaren logikan bere interesen kontrako eragina duten ESKUBIDEAK eta, aitzitik, zapalduentzat balio askatzailea duten ESKUBIDEAK dira talka horren zehaztapena; izan ere, batzuek urratzen dutena, besteek, borrokaren bidez, bermatu nahi dute; behin eta berriro bermatu ere, zeren Plaza de Mayoko Amek dioten moduan, “galtzen den borroka bakarra, utzi egiten dena baita”, eta sistema etengabe aritzen baita lortutakoa desitxuratzen edo desaktibatzen

.

Giza Eskubideen Deklarazioak (indibidualak) dogma ukiezintzat jotzen diren arren, Zuzenbidezko Estatuek beraiek, askatasuna propio murrizteko duen joerari mugak jartzeko sortzen dira gehienetan: ordezkatzen dituzten eliteen onerako kudeatzen dituzte, beti ere indar-korrelazioaren arabera eta, hiritartasunaren printzipio burgesaren arabera, hiritarrek Estatuari derrigorrez zor dizkioten erabateko atxikimenduaz eta leialtasunaz baliatuta. Hortaz, deklarazio hauek Estatuak ez beste inor behartzen dituzte, eta ez iruzurrezko joku demokratiko horrek kanpo uzten dituen pertsonak edo taldeak (gehiengoak, alegia). Dagozkien arazoak konpontzeko jarduera politiko “ez instituzionalaz” eta indarkeria maila batez baliatzen diren eragileen eskutik eratorritako biolentziari aurre egiteko Estatuek badute mekanismo ugari: Legeak, epaitegiak, poliziak, medioak, hezkuntza...


Hau guztia dela eta, ezin dugu (ez genuke behar) ontzat eman Espainiako Estatutik esporatu den eta Hego Amerikako hainbat estatutan (Argentina, Txile...) famatua egin den “teoría de los dos demonios” delakoa. Izan ere, haren ondorioz, bi lubakietan egositako krudelkeriak parekotzat jotzen dira eta, beraz, bide EMAN behar diote, derrigorrez, “trantsizio demokratikoari”, alegia, amnesia historikoari, errudunik gabeko bakea eta adiskidetzeari, eta “kontsentsoan” oinarritutako politikari: kontraesankorrak diren indarrak eta gatazkak desagertzen dira, desberdintasun sozialik ez dago, legalidade “aseptiko” bat sortzen da, hortik kanpo geratzen dena delitugiletzat jotzen da, eta haren baztertzerako eta jazarpenerako baliabide juridikoak ezartzen dira. Adibideok frogatzen dutenez, erresistentzian diharduten pertsonek edo taldeek ez dituzte Giza Eskubideak zapaltzen, nahiz eta defentsazko bortxa erabili: zanpatuaren biolentzia betiere da zilegia, sistemak inoiz onartuko ez duen arren.


Labur beharrez, jadanik oinarrizko txostenak jasotzen zuen ondorioa berriro ere gogora ekartzea bidezkoa iruditzen zait: “Eskubide urratuek gatazkarekin harreman zirkularra, hau da, etengako joan-etorrikoa, azaltzen dute”. Prozesu historikoen baitako garapenean, hiru baitira akzio-errakzio (bukle) horren koordenatu nagusiak: asimilazio asmoa eta ahalegina (ukazio terminoetan azalduta), talka-gatazka-erresistentziaren sekuentzia (borroka terminoetan azalduta), eta askapena edo sekuentzia askatzailea (zapalduriko eskubideen berma gisa azalduta).



-------------------------------------------

IZAERA POLITIKOA; SUBJEKTU POLITIKOA


0.- SAR HITZA


Errealitate ezberdinak egoten dira iheslari politikoen jatorrian, baina oro har eskubide urratuak eta erresistentzia jarrerak biltzen dira. Alde batetik asimilazio politiko, soziala edota kulturalerako asmoa azaltzen da. Beste aldetik, asimilazioari kontra egiten dion erresistentzia jarrera. Bi faktore horiek osatzen dute egoera gatazkatsua gure herrian bezala mundu zabaleko herrialde anitzetan.


Hautu bat bada, beraz, iheslari politikoen sorreran. Aukera politiko, soziala edota kultural baten aldekoa, alegia. Hautua eta hautu hau hautsi nahi duen jarrera errepresiboa. Hortik datorkio iheslariari izaera politikoa.


Izan ere, iheslari politikoak gatazka politiko baten ondorioz sortzen dira. Jatorri politiko-soziala duen gatazka baten adierazle bilakatzen dira, bestaldetik. Horregatik hain zuzen estatuak tematzen dira iheslari politikoen esistentziaren beraren ukazioan. iheslari politikoen izatea ukatuz, jatorrian duten gatazka ere errezago desitxura daitekeelakoan. Eta norabide horretan estrategia errepresibo anitz bideratzen dira iheslari politikoen kontra.


Norbanakoa izan litekeen arren, oro har iheslari politikoen hautua kolektiboa izaten da. Iheslari politikoak borroka prozesu kolektibo baten baitan sortzen baitira. Areago, behin erbesteratu eta gero, iheslariak lotzen zaizkio espetxera eraman dituen borroka prozesuari.


Kolektibotasuna gorde nahi izaten dute beren borroka engaiamenduaren adierazle moduan. Kolektibotasuna izaten da bereganatzen duten tresna nagusia borroka prozesutan eragiten segitzeko. Kolektibo bezala antolatu eta jokatuz, azkenik, subjektu politiko bat osatzen dute, maiz egoera ezberdin eta jokabide ezberdinetan. Horren guztiaren ondorioz, erreferentzialitate argi bat proiektatzen dute iheslari politikoek : borroka erreferentzialitatea, alegia.



1.-GATAZKEN KONPONBIDEA



Gatazkek badute konponbide demokratikoa. Oinarrizko eskubideak errespetatuak diren neurrian, gatazkek izango dute konponbidea, justizian eta demokrazian oinarriturik.


Pentsatuezina da, ordea, inoiz gatazkak gaindituko direnik preso eta iheslari politikoen egoerak bideratu gabe. Alta, preso eta iheslarien alde lan serio eta jarraitua egitetik aukera berriak sortuko dira gatazken konponketari begira.


Iheslari politikoek ere berebiziko papera jokatu behar dute edonolako konpontze saiakeretan. Iheslari politikoek eragiten dute justizian eta demokrazian oinarritutako konponketa baten alde, eskubideen errespetuan oinarritutako konponketa baten alde. Eta Amnistia Osoa ondorioztatuko da, ezinbestela, gatazken gainditze bidean.



2.- ESKUBIDE POLITIKOAK


Errealitate politiko eta sozialak eraldatzearren lan eta borroka egiteagatik erbesteratu behar izan duten herritarrak badira, izan ere, eskubide beteko subjektu politikoak. Herritar ororen eskubide zibil eta politiko beretsuen jabe, halaberean. Badituzte eskubide kolektiboak, batez ere eratorriak diren prozesu politikoetan parte hartzeko eskubidea.

Iheslarien jatorri eta izaera politikoaren aitorpenetik eratortzen dira arestian aipatutako eskubide politikoak. Aitorpen hauxe ezinbesteko urratsa da gatazken konponketari begira, AMNISTIA OSOA gatazken konponketaren ezinbesteko atala izango den bezala.



Uztaritzen, 2004ko maiatzaren 22an

Preso eta iheslarien elkartasunezko Nazioarteko Konferentzia



-------------------------------------------

IZAERA POLITIKOA ETA KARTZELA EGOERA


Ezagutzen ditugun espetxe desberdinetako errealitateek erakusten digute preso politikoek espetxean bizi dezaketen egoera oso desberdinak izan daitezkeela. Egoera horien aurrean preso politikoek hartzen dituzten jokabideek ere oso desberdinak izan daitezke han edo hemen. Horregatik, honen guztiaren asmoan dago espetxearen egoera izaera politikoaren ikuspegitik begiratzen jarri eta errealitate guztiaren eta bakoitzaren azpian dagoena ulertzen saiatzea.


Zentzu honetan, preso politikoek kartzelan bizi duten egoera ulertzen hasteko bi abiapuntu hartu behar ditugu:


1.- preso politikoak definitzen duena horixe da: preso politikoak direla.


2.- espetxea Estatuak errepresiorako erabiltzen duen instituzioa da.


Honekin hauxe esan nahi dugu: preso politikoek kartzelan bizi duten egoera zuzenean lotuta dago espetxera eraman duen gatazka politikoaren gorabeherekin. Espetxeko egoera modu eta bide askotarikoa izan daiteke, baina beti egongo da zuzenean lotuta gatazka politikoak markatzen dituen parametroekin.


Estatuak espetxea erabiliko du militante politikoak eta euren proposamen politikoak gizartetik erauzi nahi dituenean. Beraz, horren asmoa mugimendu edota ideia politiko jakin batzuk zigortu, baztertu, ezkutatu eta jokaleku politikotik desagerraraztea izango da.


Fisikoki: espetxean sartuaz eten nahi izango du preso politikoaren jarduera politikoa. Pertsonak, militante politikoak gizartetik atera eta leku itxi batean sartuz, horien ideia eta jokabide politikoak zigortu eta espetxeratzen ditu.


Sinbolikoki: preso politikoak izateak sistema politiko horren askatasun politikoa jartzen du kolokan.


Demokrazia izena hartzen duen sistema behartuta dago preso politikoaren izaera ukatzera, bestela definizioz ukatuta gelditzen delako. Estatuak deslegitimatu egin nahi izango du preso politikoa, kriminalizatu egin nahi izango du, ingelesez kriminalizioak duen esanahian: gaizkile arrunta bilakatzea. Azken batean, preso politikoa kriminalizatzen denean presoaren mugimendu politiko osoa kriminalizatzen da. Preso politiko gehienak gaur egun terroristak dira, edo sistemaren segurtasuna kolokan jartzen dute...


Espetxean agintariak eta gatibuak dagoz. Horixe da preso politikoak espetxeratzean Estatuak eskaintzen duen gizartearen irudia: kartzela espetxe txikia da eta gizartea espetxe handia. Eta preso politiko batek eskubide politikorik ez baditu, presoaren mugimendu politikoan dihardutenek ez dute eskubide politikorik.


Espetxeak badu funtzio ejemplar bat ere gizartearen aurrean: badira zilegi diren jokabide eta ideia politikoak eta badira zilegi ez direnak, sistema meneratzailearen izenean hain zuzen. Presoek ikasi behar dute: gizarteak ikasi behar du.


Espetxea zigor eta saria parametroen bidez funtzionatzen duen tresna errepresiboa da. Eta zigorraren bidez Estatuak bilatuko duen azken asmoa preso politikoa desegituratu, etsi eta zapaltzailearen ideia politikoak bereganatzea izango da.

Estatuarentzat horren arriskutsua bilakatzen den izaera politiko hori, presoaren ideia politikoetan kokatzen da azken batean. Eta kartzelan presoak har ditzakeen burruka molde guztien oinarrian bere ideiei eustea egongo da. Horretan adierazten baita gatazkaren muina.


Izen eta bide desberdinak har ditzake: gizarteratzea, damuketa, salatzea... Eta tresna edo tratamendu desberdinak balia ditzakete, beti ere, indibidualizazio irizpide batzuen bidez, indibiidualizazioa burrukaren zentzu kolektiboaren ukazioa baita, hau da, izaera politikoaren ukazioa.


Tratamenduak preso politikoen kasuan ez du zentzurik: pertsona batek nahi duena pentsa dezake, pentsatzea berez ezin baita inon deliturik izan!


Baina hasieran esan dugun moduan, preso poltikoak gatazka poltiko baten ondorioz daude espetxean. Hau gatazka politikoa da, kartzeletan gatazka areagotu egingo da eta Estatuak berez neurri bereziak hartuko ditu beti preso politikoekin. Bereziak, preso politikoak direlako, besterik gabe. Aldi berean neurri berezi horiek erakutsiko dute izatez preso politiko direla: eta berdin dio gatibu uniformeaz mozorrotu ala beren arropak erabiltzen utzi, elkarrekin jarri edo isolatu, umiliatu edo errespetatu, neurri bereziak edo arruntak erabili... Ezaugarri batzuk ezkutatu edo nabarmenduta ere, presoaren izaera berezia agerikoan gelditzen da neurri horiek hartzean jokabide politikoak erabakitzen dutenean: asmoak salatzen du sakoneko izaera.


Preso politikoen egoera gatazka politikoaren parametrotan ulertu behar bada, gatazka politikoaren konponbideak berez preso politikoen egoera konponduko duela ulertu behar da ezinbestez. Eta zentzu berean, preso politikoen egoera konpontzeak gatazka politikoa konpontzea erraz daitekeela

ere esan beharko dugu.



-------------------------------------------

IZAERA POLITIKOA; SUBJEKTU POLITIKOA



0.- SAR HITZA


Errealitate ezberdinak egoten dira preso politikoen jatorrian, baina oro har eskubide urratuak eta erresistentzia jarrerak biltzen dira. Alde batetik asimilazio politiko, soziala edota kulturalerako asmoa azaltzen da. Beste aldetik, asimilazioari kontra egiten dion erresistentzia jarrera. Bi faktore horiek osatzen dute egoera gatazkatsua gure herrian bezala mundu zabaleko herrialde askotan.


Hautu bat bada, beraz, preso politikoen sorreran. Aukera politiko, soziala edota kultural baten aldekoa, alegia. Hautua eta berau zapuztu nahi duen jarrera errepresiboa. Bertatik datorkio presoari izaera politikoa.


Izan ere, preso politikoak gatazka politiko baten ondorioz sortzen dira. Jatorri politiko-soziala duen gatazka baten adierazle bilakatzen dira, bestaldetik. Horregatik hain zuzen estatuak tematzen dira preso politikoen esistentziaren beraren ukazioan. Preso politikoen izatea ukatuz, jatorrian duten gatazka ere errezago desitxura daitekeelakoan. Eta norabide horretan estrategia errepresibo anitz bideratzen dira preso politikoen kontra.


Nahiz eta gobernuek preso politikoen izaera ukatu, haiei ezartzen dieten politika errepresibo berezituek beren jatorri eta izaera politikoa nabarmendu, besterik ez dute egiten, gainera.


Norbanakoa izan litekeen arren, oro har preso politikoen hautua kolektiboa izaten da. Preso politikoak borroka prozesu kolektibo baten baitan sortzen baitira. Areago, kartzelatu eta gero ere presoak atxikitzen zaizkio espetxera eraman dituen borroka prozesuari.

Kolektibotasuna gorde nahi izaten dute beren borroka konpromisuaren adierazle moduan. Kolektibotasuna izaten da bereganatzen duten tresna nagusia borroka prozesutan eragiten segitzeko. Kolektibo bezala antolatu eta jokatuz, azkenik, subjektu politiko bat osatzen dute. Horren guztiaren ondorioz, erreferentzialitate argi bat proiektatzen dute preso politikoek: borroka erreferentzialitatea, alegia.



1.-GATAZKEN KONPONBIDEA


Gatazkek badute konponbide demokratikoa. Oinarrizko eskubideak errespetatuak diren neurrian, gatazkek izango dute konponbidea, justizian eta demokrazian oinarriturik.


Pentsatuezina da, ordea, inoiz gatazkak gaindituko direnik preso eta iheslari politikoen egoerak bideratu gabe. Alta, presoen alde lan serio eta jarraitua egitetik aukera berriak sortuko dira gatazken konponketari begira.


Preso politikoek berebiziko papera jokatu behar dute edonolako konpontze saiakeretan. Preso politikoek eragiten dute justizian eta demokrazian oinarritutako konponketa baten alde, eskubideen errespetuan oinarritutako konponketa baten alde. Eta Amnistia Osoa ondorioztatuko da, ezinbestela, gatazken gainditze bidean.



2.- ESKUBIDE POLITIKOAK


Errealitate politiko eta sozialak eraldatzearren lan eta borroka egiteagatik kartzelatuak izan diren herritarrak badira, izan ere, eskubide beteko subjektu politikoa. Herritar ororen eskubide zibil eta politiko beretsuen jabe, halaberean. Badituzte eskubide kolektiboak, batez ere eratorriak diren prozesu politikoetan parte hartzeko eskubidea.

Presoen jatorri eta izaera politikoaren aitorpenetik eratortzen dira arestian aipatutako eskubide politikoak. Aitorpen hauxe ezinbesteko urratsa da gatazken konponketari begira, AMNISTIA OSOA gatazken konponketaren ezinbesteko atala izango den bezala.



-------------------------------------------

PRESO POLITIKOAK: AMNISTIA ETA ELKARTASUNA


SARRERA:


Preso politikoak egoteak, beti eta edonon, esan nahi du badela konpondu gabeko gatazka politiko bat.


Askapen prozesuan dagoen edozein herrik izango du emantzipazioa lortu bitartean aldarrikatu beharreko gaia: AMNISTIA.


Datozen lerroetan azalduko ditudan ideiek ez dute errezeta unibertsalak izan nahi; umiltasunez eta gure herriaren borrokak eman digun esperientziaz baliatuz, atera ditugun hainbat ondorio plazaratuko ditugu hausnarketa eta eztabaida honetan ekarpentxo bat egin nahian. Gure esperientziak trukatu nahi ditugu eta, era berean, beste herrialde batzuetatik datozen ordezkariek azaldutakotik ikasi ere egin nahi dugu.


KONPONBIDEA ETA BIZI BALDINTZAK, OSO LOTUTA DAUDEN BI ALDERDI


Preso politikoak egoteko arrazoiei konponbidea ematean, nabarmendu nahiko genituzkeen bi faktore daude:


· Presoak egotea dakarren gatazkaren arrazoiak edo oinarriak

· Estatu / Gobernuak daukaten borondatea gaia arrazionaltasunez tratatzeko, lehenengo, eta gatazka sortzen duten arrazoiak modu demokratikoan konpontzeko, ondoren.

Preso politikoek pairatzen dituzten egoera zehatzak, bizi-baldintza materialak, humanoak eta politikoak hainbat faktoreren araberakoak izan ohi dira; guk hiru nabarmendu nahi ditugu:


· Partaide eta ondorio diren gatazkan preso politikoek jokatzen duten papera

· Estatu / Gobernuek militante hauei jokarazten dieten papera.

· Preso Politikoek beraien herrian sortarazten duten elkartasuna.


Bi faktore hauek, konponbideak eta errealitate zehatz edo bizi-baldintzak elkarrekin lotura handia dute. Eta, halaber, biek dute lotura estua gatazkaren parametroekin.


Gauzak horrela, Estatuek preso hauen izaera politikoa onartzea ezinbesteko urratsa da preso politikorik ez egoteko eta parte diren gatazka konpontzeko. Izaera politikoa onartzeak beraien izaerarekin bat datozen bizi-baldintzak eskatzen ditu.


Izaera politikoa ez onartzeak, berriz, errealitatea ukatzea dakar; hau da, jatorri eta profil konkretua duten ehunka, milaka presoren existentzia ukatzea eta hori guztia gatazka politikoa dagoela ukatzeko. Errealitatea ukatzeko parametro hauetan, ezinezkoa da gatazkari eta preso politikoen existentziari konponbide arrazionala ematea, eta, hori gutxi balitz, halabeharrez dakarte neurri errepresiboak erabiltzea; helburua kalean nahiz kartzelan disidentea suntsitzea da, horrela helburu politikoei eta horiek lortzeko borrokari uko egingo dion esperantzan.


Laburbilduz, preso politikoak, bizi-baldintzak eta gatazka politikoa oso lotuta daude, bai arazoa aztertzerakoan, baita konponbideak bilatzerakoan ere.


AMNISTIA ETA GATAZKAREN KONPONBIDEA.


Sarreran genioen bezala, preso politikoak existitzearen arazoa konpontzerakoan ezinbestekoa da gatazkaren oinarria edo arrazoia kontuan hartzea eta, horrekin batera, Estatuek / Gobernuek gatazkaren aurrean eta presoen politikoen existentziaren aurrean daukaten jarrera aintzat hartzea ere bai.


Horrekin batera, ulertu behar dugu gatazka politiko bakoitzak, borrokarako testuinguru bakoitzak zehaztuko duela nondik etorriko den konponbidea.


Gurea gatazka historikoa da, izaera politikoa du eta subiranotasun nazionalaren aldeko borroka da. Ezkerreko ikuspegitik, subiranotasuna gizarte-eraldaketarako ezinbesteko ikusten dugu, bai gure herrian, baita gainontzeko nazioetan ere.


Preso eta errepresaliatu politikoak egotea iraunkorra izan da gure historian zehar; batzuetan intentsitate handiagoz eta besteetan txikiagoz. Horretarako arrazoiak hauxe da: konponbide politiko justu eta demokratiko eza, gure herriaren askatasun egarria aseko duen konponbide eza.


Gehiegi ez luzatze aldera, batzuek Estatu Espainoleko trantsizio-garaia deitu zutenean gertatu zena kontatuko dugu. Garai hartan, eta eztabaidan agertzeko aukera izango ditugun arrazoiak direla medio, estatu frantsesarekin geneukan gatazkaren parametroak eta horrek jokatzen zuen papera desberdinak ziren eta, esan dudan bezala, aparteko azterketa merezi dute. Testuinguru hartan, eta zehazki 1978. urtean, Espainiako gobernuak “Ley de Amnistia” zelakoa atera zuen eta horren bidez euskal preso politiko ia guztiek askatasuna berreskuratu zuten. Ia guztiek diogu, planteamendu estatalistekin borroka armatua egiten zuten erakundeetako hainbat euskal herritarrek ez zutelako lege hartaz baliatzerik izan (GRAPOkoak, kasu)


Azken presoa, Fran Aldanondo, 1978ko abenduan askatu zuren eta 1979ko urtarrilean berriz hasi ziren kartzelak betetzen, gaur egungo 700 preso politiko izatera iritsi arte. Ordutik, milaka izan dira Frantziako eta Espainiako espetxeetan sartu dituzten euskal herritarrak.


Zergatik? “Trantsizio demokratikoa” deituriko prozesuak ez zuelako ase gure herriaren askatasun­? eta subiranotasun­?egarria. Horregatik daukagu argi Euskal Herrian euskal preso eta errefuxiatu politikoak etxera itzultze hutsak ez duela beraien existentzia konponduko duen behin betiko irtenbidea, baldin eta horrekin batera ez badator gure herriaren aspirazioak aseko dituen konponbide demokratiko eta justuarekin batera. Konponbide honek, gure ustez, AUTODETERMINAZIO-ESKUBIDEA esan nahi du. Horregatik guztiarengatik dago indarrean Amnistiaren Aldeko Mugimenduak amnistiari eman zion definizioa: Amnistia euskal preso eta errefuxiatuak etxera itzultzea eta preso edo iheslari bihurtu dituen gatazka konpontzea da.


Ideia batean sakonduko dugu: Herri bakoitzari dagokio zehaztea testuinguru eta kasu bakoitzean zeintzuk diren etxerako itzulera hori barkamen hutsa ez izateko behar diren baldintzak, herria baita gatazkaren subjektu protagonista. Herriak erabaki behar du zein baldintza behar diren amnistia izan dadin presoen existentzia sorrarazi duen gatazka konpontzeko gertaera politiko beharrezko eta erabakigarria. Guk horri esaten diogu AMNISTIA eta Herri bakoitzari dagokio bere definizioa.

Amnistia lortzeko Estatuek eta Gobernuek duten jarrerari buruz, esan behar dugu gatazkari konponbide arrazionala emateko duten borondatearen araberakoa izango dela. Borondate hau ez dute bakarrik Gobernuek-Estatuek erabakiko, batez ere, gizarteak egindako presioak erabakiko du; ez dugu ahaztu behar 78an lortutako indultua ez zela “eskuzabaltasunaren” ondorio izan; aitzitik, indultua Herriak lortu zuen, herriak ikusarazi zion argi eta garbi frankismotik ateratzeko edozein trantsizio saiakera ezinezkoa zela euskal preso politikoak existitzen ziren bitartean. Horren froga garbia dugu GRAPOekin gertatutakoa.


PRESOEN EGOERA ETA ELKARTASUNA.


Euskal preso politikoak inoiz ez dira pasibo egon beraien askatasun ezaren aurrean. Aitzitik, historikoki, lehen mailako agente politikoak izan dira Euskal Herriaren borrokan. Askotan izan dute prozesuaren lidergoa, beraien borroka eta ekarpen teoriko/praktikoen bidez. Kartzelan eta kartzelatik egin da lidergoa prozesu politikoaren une historiko askotan azken finean; kartzelan egon arren, militanteak dira eta hala bizi eta jarduten dira.


Errealitate honek erakutsi zien estatu espainol eta frantsesari askatasuna kentzea ez dela nahikoa militantea deuseztatzeko eta beharrezkoa zutela beste politika bat garatzea beraien helburua lortzeko.


Militantea deuseztatzeko ideia da estatu espainolak eta frantsesak garatu dituzten kartzela politikak bideratzen dituena. Hainbat eredu erabili dituzte, urruntzearekin hasi eta dispertsioraino eta tartean segurtasun handiko kartzelak, baina beti helburu berarekin: militantea deuseztatzea.


Horretarako mekanismoa krudela bezain erraza da: kartzelako bizi-baldintzak gizakiak jasan ditzakeen mugetaraino gaiztotu, lehenengo pertsona eta gero militante politikoa suntsitzeko, bere helburuei eta borrokari uko egin diezaien lortu eta azkenean bere aurka borrokatu duen sistema politikoan “berriz gizarteratzeko”. Kasu batzuetan sistema politikoaren lehen mailako propagandista bihurtzea ere lortu dute.

Azken finean hori delako estatuen azken helburua: presoak berriz gizarteratzearekin herri osoa ezartzea. Preso politikoak estatuen bahituak dira eta hauen bidez xantaia egin nahi diote herri osoari.


Berriz agertzen zaizkigu presoak eta prozesu politikoa elkarren ondoan. Estatuek oso garbi ikusten dute hori, baina baita Euskal Herriak ere, eta hortik sortzen da hain ederra den hitza: ELKARTASUNA.


Elkartasun hau motibazio desberdinek sortua da eta, ondorioz, irudikapenak ere desberdinak dira. Hori positiboa eta aberasgarria da beti, desberdintasun horiek ez badira enfrentamendu eta kontraesan bihurtu nahi.


Ideia hauek gehiago sakonduko ditugu eztabaidan; prozesua eta presoak elkarrekin daudela onartuta bi arrazoi nagusi ikusten ditugu elkartasunerako.


A/ Irizpide humanitarioetan soilik oinarritzen dena, ez karitatean. Humanitatea krudeltasunaren aurrean, torturaren aurrean, isolamenduaren aurrean, presoen senitartekoak kartzelaren biktima bihurtzearen aurrean. Humanismotik sortutako elkartasuna da eta ez du bat egiten presoek erabiltzen dituzten borroka-moldeekin, ez eta dituzten helburuekin. Presoengatik eta beraien senitartekoengatik mugitzen den elkartasuna, pairatzen duten basakeria eta injustiziaren aurrean mugitzen den elkartasuna.


B/ Konpromiso politikotik sortzen dena. Presoen helburuekin eta proiektu politikoekin bat egiten duena. Elkartasun honek ez du presoen alde borrokatzen, presoekin borrokatzen du, helburu bera dute: Euskal Herria askea, gizon eta emakume librez osatua lortzea. Elkartasun honek uste du Askapen prozesuan dagoen edozein herrik izango duela, emantzipazioa lortu bitartean, aldarrikatu beharreko gaia: AMNISTIA.


Horregatik da garrantzitsua egiazko arrazoi humanitario zintzoek bultzatuta solidario direnek ulertzea kartzeletan giza eskubideak etengabe urratzearen arrazoiak politikoak direla eta hauek honako hau jasotzen duten jarrera politikoak eskatzen dituela:


Preso hauen izaera politikoa onartzea, osatzen duten gizatalde politikoari dagokion moduan antolatzeko eskubidea onartzea eta politikari ekarpenak egiteko eta bertako partaide izateko eskubidea dutela onartzea, prozesu politikoaren subjektu direla onartzea.


Gure ustez, elkartasun humanitarioetatik harantzago elkartasun politikoan kokatzen garenon ustez, amesten dugun Euskal Herria lortzeko bidean, erronka hauxe da: presoen alde lan egin beharrean, presoekin lan egin behar dugula jabetzea.



-------------------------------------------

TESTIGANTZAK


Preso politikoen eta gainontzeko errepresaliatu politikoen existentziaren jatorrian beti aukera bat dago, posizio-hartze bat, erabaki politiko bat. Aukera politiko horiek sistemaren baitan ildo normalizatu bat aurkitzen ez dutenean, ezarritako ordenamendu juridiko-politikoarekin talka egiten duten adierazpideak sortzen dira. Sistemaren erantzuna, lotura-mekanismo ideologikoek porrot egin dutenean, beti hertsatzailea da, eta horrek, kasu gehienetan, disidente politikoen kartzelaratzea dakar.


Horregatik, munduko edozein tokitako preso politikoen existentziak konpondu gabeko gatazka politiko bat dagoela uzten du agerian. Hori da, hain zuzen, Euskal Herriaren kasua: ia 700 preso politiko daude eta estatuaren errepresioaren 2000tik gora iheslari, Euskal Herriak hiru milioi biztanle ere ez dituen arren. Datu izugarri horrek ezinezkoa egiten du euskal gatazka politikoa ukatzea.


Beste horrenbeste gertatzen da ehun estatu baino gehiagotako espetxeetan giltzapetutako milaka eta milaka preso politikoekin. Kasu guztietan, euren existentzia, konponbiderako modu demokratikorik gabeko gatazka politiko ireki bat egotearen adierazpen eta ondorioa da. Borroka ideologikoan, estatuek eta euren zaindariek hertsapena erabiltzeko monopolioa dute. Berau, ezarritako boterea edo biolentziaren monopolioa auzitan jartzen duten disidente politiko guztien kontra baliatzen dute, erresistentzia antolatuaren kontra.


Disidentzia politikoaren kartzelaratzea, hala ere, ez da estatuak baliatzen duten biolentzia-aukera bakarra. Sarritan, espetxeratuak, lehenengo, batere bermerik gabe atxilotzen dituzte, edo bahitu eta torturatzen. Areago, kartzelaratzea tortura luzatzeko era bihurtzen da. Atxilotuen inkomunikazioak tortura erabiltzeko zigorgabetasun-eszenategi bat sortzen du. Era berean, kartzelaratuen bakartze luzeek zigorgabetasun-esparru bat sortzen dute kartzelariek euren eskubideak urratu ahal izateko.


Horrenbestez, lege-errepresioaren (araudiaren bidezkoa) helburua ez da soilik disidentzia esparru juridiko-politiko jakin bati lotuta edukitzea. Askoz haratago doa: legez kanpoko errepresio-espazioak sortzen ditu disidentzia suntsitze aldera, zuzenean pertsona errepresaliatuak deuseztatze aldera, memoria historiko kolektibotik euren testigantza pertsonala behin betiko ezabatze aldera.


Beraz, errepresaliatu politikoen testigantza zuzena ezinbestekoa da, euren bizipenean bertan eurak sortu direneko gatazkaren kronika errepresiboa idatzita daramatelako. Euren ahotsa argi eta garbi entzun behar da, ahalik eta toki gehienetan; izan ere, preso politikoen testigantzak herri baten memoria kolektiboaren ezinbesteko zatia dira.



-------------------------------------------

Herri-borrokak Munduan zehar


Inoiz ere, ez da egon, Munduaren historia osoan zehar, gizartea hain ondo elikaturik eta osasuntsu edukitzeko teknologiarik. Gizadia guztiak goserik ez pasatzeko behar duen oinarrizko laborearen bikoitza ekoizten da eta, hala ere, egunero 100.000 pertsona gosez hiltzen dira jakirik, ur edangarririk eta oinarrizko botikarik ez dutelako (FAO). Ez da, inoiz lehenago egon, ezta ere, halako ondare pribaturik kontzentratzen zuen gizakirik. Halako ondareak metatzea lortu ahal izateko ez dira bakarrik teknologiaz eta beraien lanaz baliatzen, baizik eta natura-baliabideak eta gainontzekoen lana ere erabiltzen dutela, biziraupena bera ere arriskuan jartzen dutelarik. Gehiago pilatu ahal izateko nolabaiteko segurtasun eta erosotasunez, boterea bereganatzen dute indarkeriaren bidez ostutako ondasun gehiagorekin. Horretarako, herriak morroi bihurtzen dituzte eta, beraien burua menderatzen uzten ez badute, akabatu egiten dituzte.


Gizataldearen kide den heinean, gizakia giza-espezie bat da, taldean bizitzea laket duena. Herriek ez dute, berez, beraien artean aurkari izateko joerarik. Herriak ez doaz gerrara baliabideak lortu ahal izateko. Gerrak herriarentzat dituen kostuak handiegiak izan ohi dira lapurketak dituen etekinekin alderatuz gero. Baina jendea eta herriak manipulatuak eta elkarrekin borrokatzera bultzatuak izaten dira gerraren kostuei aurre egiten, etekina gutxi batzuk eskuratzen dutelarik ondare partikular eta botere indibidual gisa. Oso bestelakoa da, ordea, herriek beraien burua halako gizakiengandik, eliteengandik nahiz beste herri manipulatuengandik askatzeko aurrera daramaten borroka. Teorian, herriek borrokan aritzeko arrazoi nagusi bi bereiz ditzakegu, elkarrekin lotura dutenak:


· Inposatutako miseriaren garaipena, beraien baliabideak osten jarraitzea eragozteko.

· Erabakitzeko ahalmenaren, identitatearen eta duintasunaren berreskurapena.


Jendeak eta herriek arrazoi hauen alde aurrera daramaten borrokan garrantzia duten eta kontutan hartu behar diren hainbat aspektu daude:


o Kapitalismoa inperialista eta ustezko esplotatzailea da berez, baina egunetik egunera gehiago kontsumitzen duten kontsumitzaileak behar ditu ezinbestean.

o Beraien boterea handitu eta ondasunak metatzeko joera estuki lotuak daude sorgin-gurpil baten barnean, baina ez dira gauza bera eta bata bestearengandik askatzera hel daitezke.

o Manipulazio-tekniken hobetzeak eta printzipio demokratikoak, legaltasuna eta giza-eskubideak inposaketa inperialistaren tresna eta disidentziaren suntsiketarako tresna bilakatu izanak, errepresioa merkeagotu egin dute. Hala ere, baliabide hauek aski ez direnean, inoiz baino suntsiketa-metodo eta tresna bortitzagoak, ankerragoak eta masiboak erabiltzen dira.

o Egungo garapen zientifiko-teknologikoak, funtsean, menderaketarako teknologia militarraren garapenean datza batipat, eta ez gizarteari elikadura eta bizitza duina bermatzean.Boteredun familiek, oligarkiek, lobby-ek (atzean Pinochet, Somoza, Sharon, Bush, Blair, Aznar edo Zapatero bezalakoak daudelarik),... politika egiteko forma ezberdinak erabiltzen dituzte errealitate historiko eta praktiko ezberdinetatik dihardutelako. Hala baina, ez dago alderik beraien etikari dagokionean. Beraien helburuak lortu ahal izateko bortxaketarik gorienak burutzeko prestutasuna dute amankomunean. Ezberdintasuna, bortxaketa hauek burutu, ezkutatu edota mozorrotzeko beharra eduki ala ez edukitzean datza.

o Bloke sozialistaren erorketak ateak eta leihoak ireki ditu. “Askatutako” esparru honek, bai geografikoak, bai ekonomikoak, ideologikoak eta etikoak ere, kapitalismo neoliberalak erasoa izaten da erreparurik gabe. Badirudi inork edo ezerk ezin dezakeela hau geldiarazi, eta subkontziente kolektiboan, bizirauteko modu bakarra bizirauteko modu bakarra omnipotentzia inperialistaganako, batez ere AEB eta bere multinazionalenganako menpekotasuna agertzea denaren dogma txertatzen da. Polartasun-bakartasuna hedatzen da eta borrokan diharduen inongo herrik nahiz erakundek ezin dezake boterean dagoen aldeetako baten sostengu solidariorik planteatu. Pentsamendu bakarra ezartzen da eta inork ez du ideologia ezberdin batengan sinetsi edota ekonomia kapitalistaren alternatibarik garatzen. “Historiaren amaiera” deklaratzen da. Badirudi halako “pragmatismo erreformista” bat dela kapitalismo hau zertxobait biguntzeko geratzen den aukera bakarra.

o Autodeterminazio eskubidea ez da jada azken kolonia eta estaturik gabeko nazioen kasuan bortxatua suertatzen zen eskubidea, baizik erabakitzeko ahalmenik gabe ezarritako estatuen arazo bilakatzen ari dela.

o Honek ez du polo inperialista bakarra dagoenik esan nahi, gainontzeko esplotazio-guduek botere inperialista bakarraren menpe daudela eta hari baino ez dagokizkiola. Bigarren mailako inperialismo edo sub-inperialismoak ere, beraien krisiak konpontzen saiatzen dira aldameneko estatuei, beraien barneko nazioei, inmigrazioari, emakumeari, edozein disidentzia-moduri gerra eginez. Gerra guzti hauek, “Anaia Handiak” egin bezala, “terrorismoaren aurkako gerrak” deituak izaten dira. Honen helburua, borroken aniztasuna ezereztu eta guztiak alternatiba bakarraren erario bakarrean eraldatzea da.

o Europatik, Latinoamerikatik, Japonetik, Txinatik,... saiatuko den mundu uni-polarraren alternatiba, botere-polo handien alternatiba dela azpimarratu beharra dago. Amerikar gizartearen sektore handiek ere, Europa indartsu batek AEBek beraiengan eragiten duten presio inperialista gutxitzea lekarkeela deritze. Polo hauek eraiki eta “traidoreak” edo “transfugak” sortzea ekiditeko, hala baina (Aznarren eta Blairren gobernuek, Europari dagokionez, hala direla argi erakutsi dutelarik), ezinbestekoa izango da Herrien Autodeterminazio Eskubidea ezereztea (herri hauek berezko estatua izan ala ez). Etorkizuneko Europako Konstituziorako hau guztia aurrikusi egin da dagoeneko. Esanguratsua da, gainera, “Gerra Hotz” batek, partehartzaileak sei edota gehiago izanda ere, orain ala gero batekin ezik guztiekin bukatuko lukeela, Sobiet Batasunarekin gertatu zen bezala.

o Hala deitutako “gerrak”, aspektu berriak garatzen joan dira. Baxak ez dira biztanlego zibilarengan eragina duten militarrak, eragiten den efektua biztanlego zibil horren aurka nahita zuzendu baizik. Orain ez da arerioa hiltzearen bitartez berau eliminatzea bilatzen, bere baliogabetzea eta honek bizirauteko beste gizakien gaineko dependentzia izatea baizik. Intentsitate txikiko guduak, hala dira erasotzailearentzat bakarrik, batez ere izua sortzeko bertako jendea erabiltzen badu. Komunikabideen arloak arlo militarrak halako garrantzia du dagoeneko. Des-informaziorako komunikabideak bere kazetariekin, Gobernuz Kanpoko Erakunde (ONG) humanitaristak bere bolondresekin, segurtasun-enpresak bere mertzenarioekin... eta beste batzuk ez bakarrik erabiliak baizik estrategia eta azpiegitura militarrean zuzenki txertatuak egoteraino heltzen direla.

o Alderdi ekonomikoari dagokionez, kontutan izan behar dugu gerra ez dela soilik garaipenaren ostean negozio berri eta hobeak ahalbidetzeko egiten, baizik eta GERRA bera, gero eta gehiago, negozio bat dela, industria armamentistaren ekoizkinen kontsumoan islatzen dena (zeinaren kostuak behar bezala manipulatutako gizartearen zati bati egozten zaizkion), eta bestelako negozioak. Gerra berezko esparru ekonomiko bilakatu da, honek erabakiak hartzen dituenaren gain eta erabaki horiek hartzeko motibazio eta helburuaren gain eragina duelarik.

o Ez da gauza bera ageriko motibazio “chovinista” duen arerio baten aurka ala helburu erabat ekonomikoak dituenaren aurka borrokatzea. Ez da berdina, ezta ere, gerra baliabide bat gisa ulertu eta etorkizuneko negozioekin espekulatzen diharduen arerioa edota gerra bera negoziotzat jotzen duena. Bereizketa hau teorikoa da eta praktikan biak elkartzen dira, baina proportzio ezberdinetan.

o Gerraren pribatizazioa maila guztietan garatzen da. Espetxeak eta bestelako atxikipen-zentroak delitugileekin, preso politikoekin, gazteekin, etorkinekin... negozio pribatuetan moldatzea, fenomeno berdinaren parte gisa uler dezakegu.

o Etsaia bere helburuak lortzeko azpijokoan dabil baina ez dauka erabateko konspiraziorako ahalmena, beraien artean azpijokotan dabiltzan sektore eta gizabanakoen arteko lehiakidetasuna dela-eta. Konspirazioaren Teoriak (Irailaren 11ko gertaeretaz zuzenean CIA errudun izendatzea) gizarteari, benetakoa ez den sistemaren ahalguztitasunaren ideia transmititzearen ondorio latza dauka. Horregatik, hain zuzen, boterearen lagun bilakatzen da.

o Biktimek erabilitako eta gizarteratutako beste formula bat “Bi Deabruen Teoria” delakoarena da. Bai teoria honekin bai Konspirazioaren Teoriarekin, beste modu batez manipula ezin daitekeen eta kritikoa den gizartearen zati bat ezereztu egiten da.


Globalizazio” eta “subglobalizazio” testuinguru honetan, botere bakarra eta pentsamendu kapital